ERTZ da, baina ez da jaialdia.
Halaxe laburbilduko genuke, 16 urteren ondotik orain arte ERTZ Bertze Musiken Jaialdia izan dena antolatzen dugunok aurten egin nahi dugun ariketa. Gure kultur jarduerari, eta berau kokatzen den errealitateari buruzko hausnarketa gisara, aurten jaialdi izaera galduko du ERTZek bertze zerbait bihurtzeko. Jaialdi izaerak aisialdi hutsarekin duen lotura hautsi eta gure jarduera bertze modu batean ulertzeko gaitasuna da jokoan jarri nahi duguna. Kultura, gure ingurunearekin (soziala, ekologikoa, politikoa…) ulertzeko beharraz hausnartu nahi dugu, jaialdia hortarako eredu egokiena ote den edo ez zalantzan jarriz.
Ariketa hau zerbaiten amaiera baino, bERTZe zerbaiten hasiera izan daitekelakoa, hurrengo hilabeteotan (iraila-abendua) zenbait ekitaldi antolatu ditugu, gehienak filosofia antzekoarekin lan egiten dugun bertze agente eta aktoreekin elkarlanean.